2017ko abenduaren 4a - goierrigorri.eusIIzaro Insausti
Aurreko asteko berdinketari jarraipen ona eman dio Goierri Gorrik garaipen sendo batekin. Sailkapeneko beheko postuetan bada ere Añorga B taldea, azken jardunaldietan puntuak bilduta zetorren Loinaz zelaira. Goierritarrek ordea ez zieten aukerarik utzi eta bost goleko aldeaz garaitu zituzten.
Partida hasi aurretik okertu zitzaien eguna gorriei, hamaikakoan aldaketa bat egin behar izanda lesio batengatik. Hala ere, ongi berdeguneratu ziren eta joko ona eginez nagusitu ziren. Lehen gola 18. minutuan egin zuen Ane Lopezek, eta legazpiarrak egin zuen atsedenera joan aurretik kontuko bigarrena ere.
Atsedenetik bueltan Goierri Gorrik jarraitu zuen aginte makilarekin jokaldi onak josiz. Baloia, ez soilik atzean, aurkariaren area inguruan ere mugitzeko gai izan ziren. Hirugarren gola honela etorri zen hain zuzen ere, goierritarren taldeko 7 jokalarik ukitu zuten baloia ezkerretik eskuinera Ane Lopezek 3-0ekoa egin aurretik. Behin markagailuan honelako aldeaz serio jarraitu zuten, Añorgak aukeraren bat izan bazuen ere, baina Naiara Aldasoro atezainak ekidin zuen aldeak murriztea. Beste bi gol ere izan ziren Loinazen, 66. minutuan Miren Arrondok falta jaurtiketa bidez egin zuen lehenengo eta 10 minutura Eider Mansok igo zuen amaierako 5-0ekoa markagailura.
Erraz mugitu zuten baloia Koldo Zalduaren neskek, mugimendu guztiak zentzuz eginez. Taulan salto handiegirik ez baina goiko postuetara gerturatu dira puntuz. Zortzigarren postuan dira goierritarrak 21 punturekin, etxean jokaturiko azken partidetan gol festa eskainiz, guztira 16 hiru partidetan (Mariñoren aurkakoa kenduta, 0-2).
Hurrengo hitzordua larunbatean du Goierri Gorrik Barakaldon, Pauldarrak B-ren aurka. Sailkapenean 13garren dira, 14 punturekin. Larunbat arratsaldean, 18:00ean, Serralta zelaian izango da norgehiagoka.