2018ko azaroaren 23a - LFF
Euskal Ligako hamaikagarren jardunaldira heltzen gara, eta azken asteetan bezela, lehia izugarria da goikaldean. Oraintxe bertan Pauldarrak eta Arratia dira lidertzan 26 punturekin. Tolosa eta Leioakok 24 dituzte, eta Barakaldo bosgarren postuan kokatuta dago 22 punturekin. Beheko postuak ere estutu egin dira azken jardunaldietan Derio eta Oiartzunek pilatu dituzten puntuekin, orain arte lasai xamar zeuden Hernani eta Anaitasunak beheko postuak gero eta hurbilago dituztelarik. Oraintxe bertan Mariño puntu gabe eta Derio bostekin jaitsiera postuetan daude, eta euren aurretik Oiartzunek sei, Hernanik zortzi, eta Anaitasunak 9 puntu dituzte.
Jardunaldia oso garrantzitsuak diren bi derbirekin hasiko da larunbatean 15:30etan. Sarrienan, Leioako Emakumeak eta Arratia izango dira aurrez aurre. Beraz, lehenengo postuetako borroka horretan dauden talde bi nor baino nor arituko dira. Alberto Berasaluzeren neskak, bolada izugarrian dabiltza lehen jardunalditik ez baitute porrotik jaso, nahiz eta azken asteetan lortutako berdinketek euren martxa pixkat geldiarazi duten. Etxean erakusten duten sendotasunaz baliatu nahi dira leioztarrak partida oso garrantzitsua aurrera ateratzeko, aurrean izango duten aurkaria oso gogorra dela jakinda ere. Izan ere David Antaren neskek, nahiz eta azken asteotan estropozuren bat eduki, berriz garaipenaren bideari ekin diote azken bi asteetan eta liderra den Pauldarrakekin berdinduta daude, igandean aurkari zuzena duten Barakaldo menperatu eta etxetik kanpo jokatutako azken partiduan, Azkoitian, aixe nagusitu ondoren. Iazko denboraldian, Igorreko taldea 1-2 nagusitu zen Sarrienan, orduan Iñaki Sarriak zuzentzen zuen taldearen etxeko lehen porrota izan zelarik.
Irungo Ventas futbol zelaian ere derbi garrantzitsua izango dugu, kasu honetan talde gipuzkoarren artekoa eta beheko postuei begira. Partida hau ere 15:30etan hasiko da. Mariñok puntu gabe jarraitzen du lehen hamar jardunaldiak jokatu ondoren, beraz lehen garaipen hori lortzea ezinbestekoa da irundarrentzat. Nahiz eta distantziak oraindik behin-betikoak ez izan, ezta gutxiagorik ere, euren aurkari zuzenak geroz eta urrunago ikusten ditu Mariñok, orain salbazioaren saria duen 14. postu hori, sei puntura baitu. Gainera, Hernani jaitsiera ekiditeko borroka horretan buru belarri sartuko lukete, urdiñek irabaziz gero. Txanponaren beste aldean, Ainitze Rodriguez-en neskek, azken asteotako porroten ondoren ere ezinbestekoa dute suspertzea eta garaipenaren bidean berriz ere jartzea. Hiru puntuak lortuz gero, aurkari zuzen bat urrun utziko lukete hernaniarrek eta lasaitasun puntu polita izango lukete hurrengo partiduei begira. Baina galduz gero, egoera oso deserosoan geratuko lirateke. Hernaniarrek garaipen bakarra eskuratu dute orain arte, eta hori hirugarren jardunaldian izan zen. Beraz, bi taldeak,abestiak dioen bezela, jo ta ke irabazi arte arituko dira. Iaz Hernani 1-3 nagusitu zitzaion Mariñori Ventasen jokatutako norgehiagokan.
Eleizalden lauretan, Elorriok Oiartzun B jasoko du. Elorriotarrek euren bolada onari eutsi nahi diote, azken lau partidetan hiru garaipen eta berdinketa bat lortu ondoren, nahiz eta azken berdinketa honek zapore gazi-gozoa utzi, ia ia hiru puntuak poltsikoan zituztenean, 90.minutuan Deriok binako berdinketa eskuratu baitzuen. Honenbestez, Gontzalen neskek jaitsiera tokiak urrun dituzte jada, eta orain euren erronka distantzi hori handitu eta gainetik dituzten taldeak sailkapenean gainditzea da, horrela euren gaur egungo bederatzigarren tokia hobetzeko. Bestalde, Oiartzun B ere konfiantzaz beteta iritsiko da Eleizaldera azken asteburuan denboraldiko lehen garaipena lortu eta jaitsiera tokiak atzean utzi eta gero. Orain etxetik kanpo euren estreineko garaipena lortzea dute helburu, azken bi tokiak urrunago ikusteko asmoz, atzetik Derio ere azken asteotan gero eta hobeto dabil eta puntuak urratuz bait dabil. Iazko partiduan, Elorriok sekulako erakustaldia eskeini zuen Oiartzun B-en aurka, izan ere 7-0 menderatu zituen gipuzkoarrak Eleizalden.
San Juanen 16.30etan, Anaitasunak Pauldarrak liderraren bisita jasoko du. Azkoitiarrak euren egutegiaren alderik gogorrena gainditzen ari dira azken jardunaldiotan eta orain liderrari egin beharko diote aurre. Nahiz eta denboraldi itxurosoa egiten ari, azken porrotek jeitsierarekiko zuten aldea murriztu dute, eta gorrixek duten onena eman beharko dute talde bizkaitarra garaitzeko edota zeozer positiboa lortzeko. Bestalde bizkaitarrek lidertzan jarraitzeko asmoarekin beste garaipen baten bila abiatuko dira Azkoiti aldera. Iñaki Alonsoren neskek Tolosa eta Goierri Gorri gainditu eta gero, hirugarren garaipena jarraia bilatuko dute San Juanen. Oraingoz etxetik kanpora jotatutako partidetan ez dute jaso porrotik bizkaitarrek, hiru garaipen eta berdinketa bi lortu dituztelarik. Anaitasuna eta Pauldarrak lehen aldiz izango dira aurrez aurre norgehiagoka ofizial baten.
17:00etan hasiko da ere Olaranben Aurrera eta Bizkerreren bigarren taldeek jokatuko duten norgehiagoka. Bi taldeek ezaugarri berdintsuak dituzte, orokorren bi talde oso gazte eta kalitatezko jokalariekin. Gasteiztarrak bikain dabiltza orain arte, eta bolada onean murgilduta. Izan ere, azken sei partidetatik bost irabazteko gai izan dira, eta sailkapeneko seigarren postuan daude kokatuta. Kontuan izateko zenbakiak, eta are gehiago igo berria den taldea izanda. Beraz Aurrerak beste garaipen bat eskuratu nahiko dute, baita Bizkerrek ere. Getxotarrak ere igo berriak dira, eta maila berrira egokitzea kostatu zaien arren, pixkanaka pixkanaka euren jokoa hobetzen joan dira eta azkenengo asteetan gainera emaitza onak lortzeko gai izan dira, eta hori Julen Navedaren neskek ez dutela egutegi batere samurra izan. Gasteizen euren bolada onari jarraipena emateko asmoz zelairatuko dira getxotarrak. Bi talde hauen arteko lehendabaziko partidua izango da.
17:00etan Astin Zarautz eta Betiko Neskak izango dira nor baino nor. Zarauztarrek euren bolada ona etenda ikusi zuten pasa den astean Bizkerreren aurka galdu eta gero. Orain berriz garaipenaren bideari ekin nahi diote, sailkapeneko goikaldean jarraitzeko, eta ahal baldin bada, gainetik dituzten taldeengandik hurbilago egoteko. Unai Martinezen neskak indartsu dabiltza Astin, bost partidutik lau irabazi eta bat berdindu baitute, eta ildo beretik jarraitzeko asmoz zelairatuko dira bihar. Betiko Neskak taldeak berriz, bere egutegiko alderik txarrena pasatu ondoren berriz bolada onari ekin nahi dio. Badakite Asti ez dela zelai erreza izango, baina 2015-16 denboraldian erdietsitako garaipena errepikatzeko ilusioz joango dira eta era berean, etxetik kanpo dituzten zenbakiak hobetu nahiean. Orain arte, partida bat irabazi, beste bat berdindu, eta besteak galdu dituzte. 2016-17an jokatu zuten azkenengoz bi talde hauek Astin, garaipena zarauztarrentzat izan zen 2-1eko emaitzarekin.
Larunbateko partidak amaitzeko, Loinatzen 18:00etan Goierri Gorri eta Derio izango dira aurrez aurre. Koldoren taldea garaipenaren bila joango da, etxetik kanpo jarraian izandako bi porrotak ahazteko asmoz. Loinatzen aldiz nahiko indartsu ari dira. Tolosaren kontra galdu eta Barakaldoren kontra berdindu arren, goierritarrak irabazi egin dituzte etxeko gainontzeko partiduak, eta gol kopuru nahiko altua sartuz. Ildo beretik jarraitu nahi dute, orain daude zortzigarren postu hori hobetzeko ahaleginetan. Bestalde, bizkaitarrak goranzko bidean ditugu. Denboraldi hasiera makala izan zuten, emaitzei dagokionez behinik behin. Egutegia ere gogorra izan zutela esan beharra dago eta lesioek ere ez dituzte lagun izan. Baina azken bi partidutan lau puntu batu ondoren, bide onean murgildu dira, eta konfiantzak gora egiteko ere balio izan die. Gauzak horrela, Loinatz zelai gogorra dela badakiten arren, deriotarrak beste garaipen bat lortzeko ilusioz joango dira Goierri aldera. Iaz, Goierri Gorrik garaipen erosoa lortu zuen Derioren aurka, emaitzak ez du zalantza izpirik uzten (6-1).
Iganderako partidu bakar bat geratuko da, La Sieben 11:30etan Barakaldo eta Tolosak jokatuko dutena, Barakako neskentzat ohikoa ez den ordutegi batean. Bosgarrena hirugarrenaren aurka nor baino nor, Pauldarrak eta Arratiaren erritmoa jarraitzeko asmoz. Nahiz eta azken aldian etxetik kanpo porrot bat edo beste jaso duten, Guijarro anaien taldeak tinko jarraitzen du bere zelaian. Bertan jokatutako bost partidak irabazteko gai izan da Barakaldo, eta ia denak nagusitasun osoz irabaziak gainera. Beraz, ez dute lan erreza izango Imanol Caberoren neskek. Baina Tolosaren zenbakiei erreparatuz, gipuzkoarrek etxetik kanpo ere arerio gogorra direla argi utzi dute, lau garaipen eta berdinketa bat bere uzta, kontutan izateko datuak ere. Bi talde hauek La Sieben jokatutako partidek ezaugarri bat izan badute, ikusitako gol kopuru handia izan da. 2012-13an 4-3 etxekoen alde, 2014-15ean 4-1 Baraka berriz garaile, 2016-17 4-5 tolosarren alde eta iaz berriz ere gipuzkoarrak garaile (2-3).