IX Euskal Herriko Kopa

Realak luzapenerarte ezin izan zuen Alaves gainditu

Argazkia: mondraberri.eus
Argazkia: mondraberri.eus

2019ko maiatzak 28, asteartea / mondraberri.eus: Hasier Larrea

 

Gogo biziz gerturatu dira futbolzaleak Reala eta Alavesen arteko norgehiagoka ikustera. Espainiako Erreginaren Kopa altxa ostean, Euskal Herria kopako finalaurrea jokatzera atera da Reala Mojategiko berdegunera. Aurrean ez du nolanahiko taldea izan ordea, Alaves bigarren mailatik lehen mailara igotzeko borrokan ibili baita aurten. 

 

Jokoa egiteko erantzukizuna gipuzkoarrei eman diete hasieratik babazorroek. Atezaina eta atzelariak ondo aritu dira aurkariaren erasoak gelditzeko orduan, eta baloia eduki duten denbora laburrean Oihana Aldairen atepean estualdiren bat edo beste eragiteko gai izan dira. Aretxabaletarrak ez du lan handirik izan gaur, baina oso aktibo aritu da 90 minutuetan. 

 

Lehen zatia, Realaren nagusitasuna agerikoa izan bada ere, hutsean amaitu da, eta bigarrena beste martxa batekin hasi dute Gonzalo Arconadaren jokalariek. Presio altua egin diete arabarrei aurrean, baloiak lapurtuz eta jokaldiak amaituz. Azken metroetan kamuts ibili dira hala ere, bai jokaldi luzeetan eta baita geldikakoetan.

 

90 minutuak golik gabe joango zirela zirudienean, Leire Bañosen urrutiko jaurtiketari ezin izan dio behar bezala erantzun Alaveseko atezainak. Geldiketa paregabeak egin dituen arren, hankartetik pasa zaio nahiko mantso zioan baloia. Gol horrekin luzapenera iritsi da partida, eta babazorroek ez dute erreakzionatzeko betarik izan.

 

Reala denboraldi paregabea egin ostean joan da oporretara, abuztuan jokatuko den Euskal Herria kopako finalerako txartela esku artean duela. Asteazkenean erabakiko da Eibarren eta Athleticen artean nor izango den bigarren finalista. Gaur gertatu bezala, orduan ere emakumeen futbolak irabaziko du.

 

Reala: Oihana, Iraia, S.Olaizola, Maddi, Etxezarreta, Itxaso, Marta Cardona, Manu, C.Bautista, B.Beltrán eta Izarne. Aldaketetan: Leire Baños, Uria, Nuria Mendoza.

 

Alavés: Nei, Berezo, Vera, Spiazzi, Lidia, Cube, Emma, Maia, Ane Miren, Naia eta Sanadri. Aldaketetan: Alba, Sofi, Urbani, Alexia, Maitane, Sara Tazo.

 

Gola: 1-0 (91') Leire Baños.

 

Bestelakoak: Giro ederra Mojategin; harmailak beteta, batez ere gaztetxoak gogoz izan ziren partiduaz gozatzen.