Liga Vasca

Leintz Arizmendik aro berri bat hasiko du Euskal Ligari uko egin ondoren

LEINTZ ARIZMENDI - Foto: Javi Urola
LEINTZ ARIZMENDI - Foto: Javi Urola

2018ko ekainaren 15a - goiena.eus

 

Leintz Arizmendi taldeak ez du Euskal Ligan jokatuko hurrengo denboraldian. Zelaian mailari eutsi eta gero, Euskal Ligan ez jarraitzea erabaki dute jokalariek zein klubak. 

 

Euskal Ligako ametsak ez du jarraituko martxan, oraingoz, Leintz bailaran. Leintz Arizmendik ez du maila horretan jokatuko hainbat arrazoi direla medio. Arizmendi kirol elkarteko kide den Urtzi Amianok arrazoi horiek azaldu ditu: "Urtea luze egin zaie neskei, eta orokorrean bailarako maila ona den arren, taldekide guztiek ez dute maila bera. Batzuek futbola utzi dute, eta ondorioz, ez zegoen Euskal Ligan lehiatzeko maila".

 

Erabakia guztien artean hartu da, hau da, jokalarien eta klubaren artean. Amianoren ustetan, pauso bat atzera ematea da gero hiru aurrera emateko.

 

Horrela, infantilak, kadeteak eta ohorezko mailako taldeak egongo dira. Guztira 70 emakume inguru izango dira Arizmendi kirol elkartean.

 

Etorkizunera begira

 

Proiektuak ez du etenik sufrituko. 2018-2019 denboraldiari dagokionez, Aloña Mendi eta Bergara taldeekin hitz egingo da. Helburu nagusia, Debagoienean futbola gustoko duten emakume bakoitzak dagokion mailan jokatzea da. Era berean, erronka nagusia, "bost herriak batzea izango da", Goierriko eskualdean duten eredua hartuz.