2018ko maiatzaren 25a - LFF
Eibar 3-1eko emaitzaz nagusitu zitzaion atzo Añorgari Zubipen jokatutako partidan eta Euskal Herriko kopako finalerdietan izango da, Athletic izango duelarik aurkari gisa. Datorren astean Mulier eta San Inazio aurrez aurre izango dira Etxarri Aranatzen ta garailea Realarekin neurtuko ditu bere indarrak beste finalerdian.
Eibartarrek partidua irauli behar izan zuten garaipena lortzeko. Izan ere, zazpigarren minutuan Añorgak aurrea hartu zuen markagailuan, armaginentzat zorritxarrezko jokaldi batean. Inesek falta baten baloia area barruan jarri eta Gantxegik buruz bere atean sartu zuen. Eibarrek ondo erreakzionatu zuen eta pixkanaka baloiaren jabetza lortu zuen, Añorgak berriz pausu bat atzera egin zuen. Hala ere Xuban Peñaren neskei asko kostatu zitzaien añorgatarren defentsa ona zela ta zirrikiturik aurkitzea eta ezin izan zuten aukera garbirik sortu 30.minutuan berdinketaren gola etorri zen arte. Sara Tazok area ertzetik ezkerrarekin jaurtiketa ikusgarria egin eta Maialen atezainak ezin izan zuen ezer egin.
Añorga gutxitan iritsi zen armaginen ate ingurura baina 37. minutuan aukera garbia eduki zuen berriz markagailuan aurretik jartzeko. Malenek ezker hegaletik erdiratu eta Nora Sarriegik Kattalinekin lehian errematatzea lortu zuen eta Santanak hankekin atera zuen baloia.
Bigarren zatian ere ez zuten asko itxaron behar izan Zubipen elkartutako zaletuek gola ikusteko. Oraingoan Eibar izan genuen golegile. 52. minutuan Irantzuk areako bertize eskuinean izkin egin eta jaurtiketa gurutzatu baten bitartez Maialen gainditu zuen 2-1ekoa lortzeko. 70. minutuan Sara Tazok bakarkako jokaldia egin eta area ertzetik jaurti zuen, Maialen atezainak zailtasunekin baloia bereganatuz. Eibarrek erasoan jarraitzen zuen, eta minutu bat beranduago Idoiak langa gainetik buruz errematatu zuen Adrianaren erdiraketa bat. Hurrengo minutuan Añorgaren txanda izan zen, eta Nekane Quiñonesen errematea eskuin zutoinetik gertu joan zen.
Partidaren azken txanpan jada, bi taldeek izan zituzten abaguneak. 77. minutuan, kontraeraso batean Idoia, Maialen atezainaren aurrean geratu zen, baina angelu gutxirekin geratu azkenean legazpiarra eta jaurtiketa atezainak geratu zuen. Bi minutu beranduago, añorgatarrek aukera berriz baina Izasen saiakerak langan jo zuen. Añorgak berdinketaren bila arriskatu egin zuen eta eibartarrek kontraerasora erabaki zuten norgehiagoka hamar minuturen faltan. Idoiak defentsa atzean utzi eta Maialenen irteeera ondo saihestu zuen baloia gurutzatuz behin betiko 3-1ekoa markagailuan jartzeko.
Añorga: Maialen, Saioa, Gabri, Inés (Izas 79´), Aldekoa, Lar (Goiko 61´), Lombardero (Nekane 61´), Ceci, Sarriegi (Nora Fraile 79´), Mendiaraz (Altuna 53´), Malen (San Adrián 53´).
Eibar: Santana, Alaitz, Olatz, Gantxegi, Basterra (Malen 80´), Adriana, Kattalin, Alonso (Marta 88´), Irantzu, Tazo (Esti 71´), Mel (Idoia 61´).
Golak: 1-0 b.a. (7´), 1-1 Sara Tazo (30´), 1-2 Irantzu (52´), 1-3 Idoia (80´).
Fotos: Noski Sky