2018ko maiatzaren 21a - LFF
Datorren larunbatean 17:30etan Txerloian jokatuko den Anaitasuna - Eibar B partiduak erabakiko du gipuzkoar erregionaleko txapelduna eta horrenbestez datorren urtean Euskal Ligan izango den taldea. Bai azkoitiarrek bai eibartarrek denboraldi bikaina egin eta gero, igoera faseko azken jardunaldia final bat izango balitz bezela izango da. Eibartarrek hiru puntuko aldea dute, baina azkoitiarrek partidua irabaziz gero liga Anaitasunarentzat izango da, lehen itzulian Unben jokatutako partida bana amaitu baitzen. Beraz, partidu erabakiorra izango da, eta Txerloiak giro paregabea biziko du bi taldeetako zaletuen arten, Anaitasuna eta Eibar B animatzeko. Partiduaren irabazlea txapelduna izango da eta berdinketa nahikoa du Eibarrek.
Larunbat arratsaldean eibartarrek Bergara 4-1 gainditu eta gero, atzo goizean azkoitiarrek Cesar Beniton gutxienez puntu bat urratu beharra zuten eta lortu zuten. Intxaurdi eta Anaitasunaren arteko norgehiagoka bina amaitu zen.
INTXAURDI - ANAITASUNA (Kronika: cdanaitasuna.eus)
Senior Neskek bina berdindu dute Donostiako Cesar Benito zelaian, Intxaurdi taldearen aurka. Partida hasi bezain laster markagailuan atzetik ikusi zuten euren burua neskek. Gogor borrokatu zuten berdegunean markagailuan berdintzeko, eta lortu zuten. Halere, minutu batzuk beranduago berriz gidoi berdina errepikatu zen. Intxaurdik gola, eta gorrixek berdinketarena egin behar bizirik jarraitzeko. Atsedenaldiaren ondoren golaukera onenak gure neskenak izan ziren.
Neurketan sartzerako etxeko taldea aurretik zen markagailuan. Kontraerasoan harrapatu zituzten donostiarrek gureak, eta bigarren minuturako galtzen zen Joxepe Santizoren taldea. Segituan erreakzionatu zuten, ordea, gorrixek. Leirek atearen aurrean izan zuen lehen abagunean ez zuen barkatu, eta berdinketaren gola egin zuen. Zelaian lekua hartzen hasi ziren pixkanaka gure neskak, baina etxekoek berriz ere abantaila hartzeko gola egin zuten. Anaitasuna sekulako denboraldia ari da egiten, eta ez daude inolaz barkatzeko. Atsedenaldiaren aurretik Irantzuk jokaldi ederrea burutu ondoren, binakoaren gola egin zuen.
Atsedenaldiraren ostean, joko gutxi ikusi zen Cesar Benito zelaian. Gure neskak defentsa lana sendo eta ondo bete zuten. Binakoarekin Anaitasunak igoera lortzeko borrokan jarraitzeko txartela zuen, baina kontrako emaitzarekin ez. Atzealdean ondo moldatu zen taldea bigarren 45 minutuetan, eta erasoan ere askoz hobeto moldatu zen taldea. Gola egiteko aukerarik onenak gure neskenak izan ziren, eta hiru puntuak batzetik gertu izan ziren azkoitiarrak.
Intxaurdiren aurka berdinduta edo irabazita, datorren asteburuan Eibarri berdin-berdin irabazi beharko zion Senior Nesken taldeak Emakumezkoen Euskal Ligara igotzeko. Beraz, bizirik da Anaitasuna. Datorren zapatuan azken bi urteetako lanaren saria jaso dezakete neskek. Txerloian Eibar liderrari irabazita, mailaz igotzea lortuko dute neskek. 17:30ean hasiko da denboraldiko azken jardunaldiko neurketa, azken 'finala'.
Larunbatean, Eibarrek Bergara gainditu eta lidertzan helduko da Txerloiara
Larunbat arratsaldean, Andoni Loranen neskek ez zuten hutsik egin eta Bergara lau eta bateko emaitzarekin gainditu zuten Unben jokatutako norgehiagokan. Nahiak bi gol egin zituen, eta beste biak Honoka eta Uxuek sartu zituzten armaginen aldetik. Mahoneroen golegilea Idoia Herran izan zen.
Horrela, Eibarren bigarren taldea lidertzan dago kokaturik 45 punturekin, Euskal Ligan izateko igoera fasea bukatzeko jardunaldi baten faltan. Orain arte jokatutako hamazazpi partiduetatik, Eibar B-ek hamalau irabazi ditu eta hiru berdindu, porrot bat ere jaso ez duelarik. Anaitasunak baino hiru puntu gehiago.